Mistikarako materialak

Amaia Agirrek emakume baserritarrei jarritako bertsoak

Baserri baten bizi iraupen
sustengu zen auzolana
oinarri eta habe sendotzat
zeukaten hartu-emana
labaderora bidean noiznahi
hitzez goxatuz joana
buru gaineko xexterak ere
garraiatuz banan bana
jarrera garbi, otzana (berriz)
etorkizuna eraiki eta
deseraiki iragana
orain pekatu onargaitza da
lehen sakratua izana. (berriz)

Amak edota amonak kontu
ta kantuak xehetzean
esaera ta bertso zaharrak
behin sukaldera heltzean
ahoz ahoko jakinduria
babarrunak aletzean
hizkuntza zenbat aberasten den
hitz jokoek edertzean
sutondoan esertzean (berriz)
emakumea balore ikur
kanpoan eta etxean
jarraibidea antzua baita
transmisiorik ezean. (berriz)

Baserrietan emakumea
agindupera sortu da
sendagilea, sukaldaria
nahiz ama baten ardura
azoketako tratularia
unean behar zen hura
maiz bere bizkar zaharren zaintza
ta haurren elikadura
beti menpeko modura (berriz)
obligazio ezin da izan
garai bateko ohitura
sekula esker onik jaso ez ta
bestearen zerbitzura. (berriz)

Arrotz zaizkie leku publiko
eta esparru zabala
protagonismo ukazioa
ere ez da kasuala
hitza hartzeak eragiten du
lotsakizun kolosala
baina denborak ta arrazoiak
lekuz aldatu ditzala
mamia eta azala; (berriz)
ganbaran gorde ohi den altxorren
kutxa bat balitz bezala
ikusi ez arren bera da argi
egiten duen itzala. (berriz)

Gure esparru dira jendaurre,
plaza edota taberna
guk kudeatu ta antolatu
nahi dugu gu geu garena
erreferente premia ase
eta berrien sormena
lortu dezagun isileko lan
jasoaren onarpena
ta ez soilik aipamena (berriz)
zaindu “beti hala izan da” esaldi
fetitxeen ondamena
zer den kimatzen dena eta zer
errotik erauzten dena. (berriz)

Zeinek agindu ta erabaki
nor bai ta nor ez zerbitza
zeinek hautatu sarraila forma
ta zeinek moldatu giltza
zeinek epaitu gure gainetik,
ta antolatu bizitza
bidezidorrak estalitako
sastrakatan ez gabiltza
gurea da erdigintza (berriz)
Gora plazandre nahiz klausurako
baserriko nahiz anitza
landu dezagun norbere lurra
ta erein dezagun hitza. (berriz)

Poema

Pertsona, norbanako, militante
gorputz, bizipen, izate
bakoitzak bere esentzia darama
taldera, proiektura, egunerokora
erreka bat, NIa,
azken finean,
arrainez betea

Gure mugak, ardurak
ezinegonak, gogoa, denbora
energia eta dudak
batzuk norberaren esku
zaintzea eta lantzea
beste batzuek taldean badute lekua

Bigarren erreka, TALDEA bera
pertsonen gehiketaz haratago
mugimendu propioa duena
harremanak, rolak, ohiturak
idatzitakoak eta ahaztuak
badago bertan zer zaindu
inertziaren legeak tranpatiak baitira
eta bideak egiten bagaitu
egin dezagun esanguratsu

NIa eta TALDEa
errekak
PROIEKTUAren bizileku den
itsasoaren bila
honen kalitatea eta osasuna neurtzeko
erreken egoera ez da nahikoa
PROIEKTUen itsasoan ez galtzeko
bost zentzumenak dira beharrezko
oreka-desoreka dantza zoroan
itsasoratzeetan
begirada eta gogoa

Pertsona, norbanako, militante
gorputz, bizipen, izate
bakoitzak bere esentzia darama
taldera, proiektura, egunerokora
erreka bat, NIa,
azken finean,
arrainez betea

Gure mugak, ardurak
ezinegonak, gogoa, denbora
energia eta dudak
batzuk norberaren esku
zaintzea eta lantzea
beste batzuek taldean badute lekua

Bigarren erreka, TALDEA bera
pertsonen gehiketaz haratago
mugimendu propioa duena
harremanak, rolak, ohiturak
idatzitakoak eta ahaztuak
badago bertan zer zaindu
inertziaren legeak tranpatiak baitira
eta bideak egiten bagaitu
egin dezagun esanguratsu

NIa eta TALDEa
errekak
PROIEKTUAren bizileku den
itsasoaren bila
honen kalitatea eta osasuna neurtzeko
erreken egoera ez da nahikoa
PROIEKTUen itsasoan ez galtzeko
bost zentzumenak dira beharrezko
oreka-desoreka dantza zoroan
itsasoratzeetan
begirada eta gogoa.

Uxue Alberdi

Behiak jeizten dituztenak
goizeko sei terdietan;
diru apurrak zenbatzen
berdura plazatik bueltan;
belarra biltzen dutenak
udako arratsaldeetan;
gogortuak artajorran,
sukaldean, goldaketan…;
sehaskari eraginez
loa-loa ezpainetan…

Gure lurra itsatsirik
daukate atzazaletan.
Esker hitzok idatzi nahi
genituzke ordainetan
emakume baserritar
bakoitzaren eskuetan.